ONDARE ARTISTIKOA

 

 

 

1.-NARROS JAUREGIA. "Zarauz antes que Zarauz" leloak, Udalerria sortu aurretik Zarauz leinua bagenuela adierazten du. 1536. urtean eraiki zuten jauregia eta Gaztelako estilokoa da. Bertara dobela handiko erdi-puntuko arku batetik sartzen da. XIX. mendean alboko pabiloiak gehitu zitzaizkion. Barruan beirazko egitura duen patioa mantentzen da, eta kanpoan ingeles erako lorategia nabarmentzen da. Isabel II.ren egoitza izan zen eta bertan, beste pertsonaia garrantzitsu batzuen artean, Aita Coloma jesuita ospetsuak hartu zuen ostatu.

2.-ZARAUZENEKOEN DORRETXEA. Oraindik ere babeserako izaera gordetzen du; planta karratukoa da, horma lodi eta harlandu onekoa. Irekitako hutsune bakanak leiho ajimezatuak, leiho biki ojibalak eta gezileihoak dira. XIV. mende bukaera-XV. mendean datatua. XVIII. mendean kanpandorrea jartzeko azkeneko pisua gehitu zitzaion.

Mapa

3.-STA. MARIA LA REAL PARROKIA. Honen eraikuntza XVI. mendekoa da baina mendeetan zehar aldaketa handiak izan ditu. Nuestra Seņora La Real irudi gotikoa gurtzen da. Barruan aipagarriena Andres eta Jaun Araozek eginiko erretaula da, 1560tik aurrerakoa, harrizko oin batekin hasten da eta banku handia du, lau gorpuzkin eta bost kale. Lope Martinez de Zarauz, Gaztelako Enrique IV.aren aholkulariaren hilobiak Zarauz-Ganboa leinuen armarria darama landuta eta trazeria eta animalia heraldikoz apainduta dago. Aipagarriak dira XVII. mendeko bi erretaula txiki ere, bata aintzina Rosario Amabirjinari eskainia, eta bestea Exuperio Sainduari, biak Ambrosio de Bengoetxearenak direla uste da.

4.-TORRE LUZEA. Eraikin bikaina, Gipuzkoan XV. mendeko gotiko zibileko eredurik aipagarrientzat hartzen da. Harlanduzko dorretxe honek hiru solairu ditu. Teilategala ukondoek eusten dute. Aipagarriak dira fatxadetan leihate gotiko trilobulatu eta maineldunak, patin motako eskilara eta armarria.

5.-AITA FRANTZISKOTARREN KOMENTUA ETA ELIZA. "Frantziskotarren estiloko" eliza, zutabe handiak ditu; komentua Juan de Mancisidor Felipe III.aren idazkariak fundatu zuen, eta frantsesek 1794an arpilatu zuten. Liburutegi bat gordetzen du, eta honen fondoetatik aipagarria da Euskal literaturari buruzkoa. XV-XVI. mendeko jatorriko gurutzadurak abakoa duen txapitelean bukatzen den kolumna ildokatua du, eta mapan adierazten den lekuan kokatu da.

6.-SANTA KLARA KOMENTUA. Maria de Zarauz y Ganboak fundatu zuen 1611n eta probintziako klarisen lehen komentua da. 1618tik 1625era bitartean eraiki zen. Diseinu soilekoa, hormek hutsuneek baino nagusitasun handiagoa dute, eraikina eskeko Ordenen arauetara egina da. Eliza gurutze latinoko oinekoa da, eta estilistikoki barrokoaren hasierakoa. Komentu honek ere kalteak izan zituen 1794ko frantsesen inbasioan. Birmoldaketa lan nagusiak 1985ean egin ziren.

7.-PORTU ETXEA. Gaur egun Udaletxea dago bertan. Oin errektangularreko eraikin ederra, 3 soliaru ditu, eta Aiatik XVI. mendean etorritako Portu familiaren egoitza izan zen. Aipagarria da korintiar kolumnek enmarkatutako sarrera atea, ertzetako bi pilastrak eta balkoietan simetrikoki jarritako armarriak. Ateburuan J.H.S. anagrama ageri da.

8.-DOTOREKUA ETXEA. Euskadiko Kutxaren egoitza, bere zorroztasun eta soiltasunaz XVI. mendeko euskal jauregi-etxeen estiloari lotzen zaio. Bere armarriagatik Zarauz familaren adar batekoena zen.

9.-MAKATZA ETXEA. Harlanduzkoa da, oso birmoldatua dago, baina oraindik gotorleku eta dorretxe izaera mantentzen du. Alboko fatxadan puntu erdiko arkuak eta gezileihoak ikus ageri dira.

10.-MALLA-HARRIA MEA ZAMATOKIA. Guillermo Vahlek egin zuen, mea gorde eta zamatzeko balio izan zuen eta 1923 urtean utzi zion funtzionatzeari. Andazarrateko (Asteasu) burdina meategietarainoko aire-kableek osatu egiten zuten berau.

11.-STA. BARBARAKO GALTZADA. Gonzalo Ariasek dionez Kantauri kostaldetik Asturiasaino zihoan Via Agrippa izenekoaren zati bat izan daiteke. 44zm.ko luzera, 34zm.ko zabalera eta 24 zm.ko altuera duten hareharriz osatuta dago.

12.-STA. BARBARAKO ERMITA. 1995an guztiz eraberritutako ermita honek oin errektangularra du, harlangaitzeko horma luzituak, kanpai-horma batean bukatua.

Barruan erretaula txiki bat eta santa bere ikur ikonografiko eta guzti irudikatzen duen pintura dauzka. Santa Barbararen sagarapen meza abenduaren 4an egiten da.

13.-SANZ ENEA. Eraikin eklektikoa, baina XIX. mendeko palazio- eta udako-etxe handien eredu ederra. Fatxada simetrikoa du, eta txapitelez estalitako bi solairu; hemendiik datorkio bere frantses itxura. Eraikin honek kultura-erabilera du; Liburutegia, Udal Artxibategia eta Erakusketa Aretoak daude bertan.

14.-VILLA MUNDA. XIX. mendeko estilo eklektikoaren adibide ederra, herriko hilerri zaharra zegoen lekuan kokatuta dago, eta Pedro Gonzalez de Velasco doktoreak agindu zuen bere eraikuntza. Lorategi eder batek inguratzen du eta herriko musika zentru moduan erabiltzen da eta Udal Bandaren egoitza ere bada.

15.-ZUAZO-ENEA ETXEA. Eraberritu eta familia etxebizitzatan eraldatu badute ere, 1963ko eraikin eder honek oraindik bere egile den Secundino Zuazoren pentsaera arkitektoniko modernoa isladatzen du, bistako adreilua bezalako material tradizionala kararri zurian egindako dekorazio elementu neogotikoekin nahasten duenean, efektu kromatiko nabarmenak sortzeko.

16.-VISTA ALEGRE PARKEKO ERROTONDA. Monumentalitate handikoa eta klasizista, dorre hau oin erdizirkularrekoa da. Herrian hormigoi armatuz egindako lehen eraikina (1913). Euskal Herrian geratzen diren errotonda bakanetakoa da, eta herriaren panoramika bikaina erakusten duen talaia ederra.

17.-ZENBAIT ARMARRI. Herriak ez du ahaztu bere marinel-tradizioa. Balearen irudia, eta bere arrantza jasota daude herriko hainbat armarritan. Aipagarria dira Azara kalea 2an dagoena. Zarauz-Ganboatarren armarria ere isladatzen duena, eta Azara 17ko armarria. Balea Zarauzko armarrian ere agertzen da, lehoia eta gazteluarekin batera.

18.-MONUMENTU MULTZOA. Gomendagarria da Nagusia, Trinidade, Zigordia, Nafarroa, Orape, Ipar ... kaleetatik zehar ibiltzea, beren data, eraikuntza edo fatxadagatik bereziak diren eraikinak ikusi ahal izateko.

19.-TREN GELTOKIA. XIX. mendeko anglosajoi itxurako eraikin industrial honetan harria, harlangaitza eta adreilua tartekatzeak efektu kromatikoak sortzen ditu. Oin erregularreko eraikin garbia da, eta bi solairu eta atiko bat du eta bi isurkiko teilatua.

20.-VISTA ALEGRE PARKEA. Ekologia eta paisaia aldetik duen garrantzia bertan dauden zuhaitz mota ugariek, 56 espezie ezberdin inguru, ematen diote batez ere. Hauen artean aipagarriak dira Likidanbare bikainak, Virginiako Tuliperoak, Gingko Biloba aleak eta izei eta alzifre espezieak.

21.-MUTXIO PARKEA. Hektarea bateko azalera duen Udaleko Parke txiki honek gurbitz, erramu, pinazi-pinu, haritz.... ale ederrak ditu. Bertatik Sta. Barbara ermitara igo daiteke.

22.-SANTA MARINA ERMITA. Lehenengo ermita 1610ean Marina Alzuruk eraiki zuen eta 1932an honen ordez leku berean estilo eklektikoa duen berria eraiki zen. Pinakulo eta arku zorrotzak dituen fatxadako sarreratik sartuta Santa Marina Amabirjina, Kristo gurutzatua eta Santa Apoloniaren irudia aurkituko ditugu. Egiten den ospakizun liturgiko bakarra maiatzaren 21ean izaten da.

23.-SAN PELAIO ERMITA. XVI. mendeko ermita zaharra XIX. mendearen erdialdera eraitsia izan zen, eta gaur egungoa Narroseko Markesari esker eraiki zen. J.J. de Belauzaranek eraiki zuen 1844an, hareharrizkoa, atari neoklasikoa du eta barruan santuaren irudia eta Aingeru Zaindaria daude, biak Hilarion Zabalzaren XVII. mendeko 2. erdiko obrak. 1979an Xabier Egaņak hormirudi piktoriko-eskultoriko bat egin zuen. Erdiguneko eskultura Tomas Muruarena da.

24.-INGURUETAKO LEKU AIPAGARRIAK. Talaimendi auzoko Ibaietako San Martin Ermita, XVI. mendekoa; bertan, santuaren XVIII. mendeko irudi bat dago gotzai jantzita. Urteta auzoko San Sebastian eliza, XV. mendekoa; oin errektangularrekoa da, harlanduzkoa, XVIII. mendeko kanpai-horman errematatutako bi isurkiko teilatua du. Aipagarria da egurrezko habeek eusten duten atari ederra. Barruan Kristo Gurutzatua, San Sebastian eta Rosarioko Amabirjinaren irudiak daude. Elkano Auzoko XV. mendeko San Pedro Eliza, hareharrizkoa da, eta tradizioak dionez Zarauzko lehengo parrokia zen. Aipagarriak dira aurrekaldean dauden bi lehiate gotikoak eta arrosa-leihoa. Barruan aipagarriena XV. mendeko harrizko bataiarraia da.

 

Principal / Nagusi (632 bytes)
Subir/ Igo (641 bytes)