|
|
XIX. mendearen bigarren erditik aurrera, batez ere Pascual Madoz 1846an bertara heldu zenetik, hirigintzari beste bultzada bat eman zitzaion, eta hau hondartzaren lehenengo lerroan egin ziren villa handi eta jauregietan isladatzen da. Izan ere, Madoz Zarautza erretiratu zen bere Hiztegia egiten jarraitzeko, eta inguruaren edertasuna naturalak liluratuta, eta, halaber, biztanleek egin zioten harreragatik udaratan Zarautzen bizi izan zen Italian 1870ean hil zen arte. J.J. Belaunzaranek diseinatutako jauregi bat eraiki zuen gaur egun Muskaria konplexua dagoen lekuan. Hedadura handiko finka zen (1,6 hektarea) eta honen erdigunean izaera eklektikoko jauregia zegoen, hiztegia argitaratzeak eman zion irabaziekin eraikitakoa, hain zuzen ere. Baina higintza berria sendotu zuen bultzada Isabel II.aren etorrera izan zen 1965 eta 1966an. Bere udaldi terapeutikoek gorteko noblezia eta goi burgesia erakarri zuten, eta hauek udatiar xumeago baina gero eta ugariagoak. Guzti hauek, azken finean, Zarautzen turismorako bokazio berriaren oinarria sendotu zuten. Oraindik bizirik dirauten arkitektura horren eraikin bakanetatik Villa Munda aipatuko dugu, aintzinako hilerria zegoen lekuan Pedro Velasco doktoreak eraiki zuena. XIX. mendearen azken herenean eraiki zen eraikin eklektiko hau neurri handikoa da, eta hainbat aldaketa izan ditu. Oin errektangularrean egituratuta, erdisotoa, beheko solairua eta bi altuera ditu, linterna bat eta lau isurkineko teilatuan errematatuta. Jauregitxoa lorategi batek inguratzen du, eta hau albo banatan harrizko matxoiak, burdinsareak eta hareharrizko eta arbelezko tenplete parea duten ate bikoitzeko burdinesi batek mugatzen du bi aldeetan. Fatxada nagusiaren erdiko gorputza albokoekiko aurreratuta dago, eta bertara sartzeko eskilara bat dago, burdinazko kiribilduratako zutabe meheek burdina eta beirazko markesina dotore bat eusten dute, eta honek babesten dituen bi ate bikietatik zehar sartzen da eraikinera. Lehenengo solairuak dinteldutako baoak zeharkatzen dituen balkoi hegaldua du. Eskantzu kuxinduak eta baoen uztarriak harlanduz eginda daude. Hego fatxada geroago gehitutako garaiera laburragoa duten bi gorputzek luzatzen dute, "U" itxurako patioa osatuz. Sanz Enea ere XIX. mendearen azken herenekoa da, C.H. Besoinek eraikitakoa hain zuzen ere. Oin erregularreko eraikin askea da, eta sotoa, beheko solairua eta hiru altuera ditu, eta frantses jatorri nabarmeneko arbelezko txapitulak errematatzen du. Joko kromatikoa hormen polikromia, eskantzuen kuxindurak eta hauek arbelezko txapitulekin sortzen duten kontrastearen bidez egiten da. Inposta lerroaren platabandek argiki banatzen dituzte solairuak, eta nagusiak dira bao handi kareldun eta simetrikoak. Erritmo sekuentzial hori hausten duten bakarrak Hego eta Iparraldeko balkoi hegalduak dira, zeinak sarrerako harmailadietako ikuskizuna erakartzen duten. Gorputz nagusia albokoetatik zertxobait aurreratuta dago.
Villen beste adibide batzuk, asmo apalagokoak hauek, Villa MĒ Pilar, Villa San Antonio eta Villa Florita (1923an Guillermo Eizagirre arkitektoak eraiki zuena, gaur egun Ertzantzaren komisaldegia) dira. Garai hartako joera artistikoen eragin handia dute, eta orduan eklektizismoa zen nagusi, baserria, honen fatxadako egurrezko egitura faltsua; nekazal arkitektura anglosaxoniarra eta neo ezberdinetako (neoklasizismoa, neogotikoa...) elementuetan inspiratzen zena. Multzo horren barruan beste eraikin batzuk ere sar daitezke; Gure Ametsa, Villa Mar edo Argiano Jatetxea, lehen aipatutako inguru berean kokatzen direnak (Mendilautako hareatzetan). Zuazo Enea eta Villa Tamarindos Zarauzko Ekialde zabalguneko arkitekturaren garai berriago batekoak dira. Lehenengo kasua familia bakarreko etxebizitza da, gaur egun pisu eta apartamendutan eraldatuta dagoena, eta Secundino Zuazo arkitektu handiak proiektatu zuen. Eraikin askea da, oin errektangularrekoa, eta lorategiak inguratuta dago. Beheko solairua, bi altuera, tartean dinteldutako baoak dituen lau isurkineko teilatua eta egurrezko bi oinek eusten duten teilategal handi batez estalitako galeria bat ditu. Aipagarriak dira adreiluaren erabilera bikaina, eta bao neogotiko, balkoi, mentsula eta armarrietako kareharri zuriarekin sortzen duen kontrastea, honek efektu kromatiko erakargarria sortzen baitu. Villa Tamarindos bestalde, abangoardia historiko ezberdinen mugimendu arkitektonikoen eragineko eraikina da; honen egoera zabartuak ez dio galarazten dudarik gabe berak dituen balore artistikoak. Oin errektangularrean egituratuta dago eta beheko solairua, bi altuera eta Iparraldeko fatxadara isuri leunean erortzen den estalkia ditu. Lorategi batek inguratzen du eta lehenengo solairurako sarrera albo bakoitzean orri bat duen harrizko eskilaren bitartez egiten da. Beheko solairua erdigunean irekita dago portxe moduan, eta honen gainean lehenengo solairu osoa inguratzen duen hegalkin-terraza dago. Bigarren solairura abside akristalatu batek argiztatzen duen barne-eskilara baten bidez sartzen da. Solairu eta altueren planteamenduan etxebizitza tradizionalen egitura espaziala hautsi nahi duen asmo dinamiko argia azaltzen da; bolumenak aurreratu, altuerak aldatu... Era berean, dekorazio ezak, baoen geometriak eta forma puroa bilatzeak eraikin hau Zarautzen arkitektura modernoaren eredu interesgarri bihurtzen dute, bakarra ez bada. Amaitzeko Zarauzko ekialdeko muga egiten duten duna eta padura areara hurbilduko gara. Ingurune honek herriaren Ekialdea, zehazki hareatza-dunak; Iņurritza errekaren zati bat eta barnekaldean dauden zingira begetazioko lur-sail batzuk okupatzen ditu. Bi area osagarri baina ongi ezberdinduak agertzen dira. Alde batetik hondartza atzean dagoen muino eta zokogunedun duna hedadura bat, gaur egun golf zelai moduan erabiltzen dena, eta paisaia aldetik balio handikoa. Eta, beste alde batetik, Iņurritza erreka, ertzetan hondar eta lohia, eta padura zatiak dituena. Barrualderago ibaraira isurtzen duten bi erreken ertzetan lur-sail beheak daude. Lur-sail hauek metaketa koaternarioak dira, ibaikoak (lohiak) eta itsasokoak (hareak). Duna-zelaia Gipuzkoako kostaldeko zabalena da.
Golferako ingurua soropilaz estalita badago ere, baditu gutxi eraldatutako guneak, eta bertan gure kostaldean oso arraroak diren espezieak bizi dira, eta baita endemismoak ere, esaterako: Galium arenarium (Frantziako kostalde atlantikoko endemikoa, hemen du bere ingurnearen muga), Alyssum arenarium, Festuca Vascocensis, e.a. . Paduran begetaziaok hedadura oso txikia okupatzen du, gehiengoa baratzak baitira. Bertan Limonium humile, Glaux maritima edo Aster tripolium espezieak bizi dira besteak beste. Barnealdeko lur-sailetan aipagarriak dira lezkadiak, karize belarkara taldeak, ihiak, e.a. eta espezie arraroak, Scirpus pungens, Carex riparia... besteak beste. Faunari dagokionean ibaia eta bere ingurunea migrazioan dauden hegazti zangaluzeen pausaldi edo negupasarako lekua da: Calidris (Txirriak), Charadius, Plucialis, Limosa (Kuliskak) generoetako espezieak. Nahiz eta hedadura txikikoa izan, herrialdearen gainerakoan hegazti hauen kopurua oso urria denez, ingurune honek fauna aldetiko interes handia du.
|
|